Ur-jarioen mekanikak eta artelan naturalak hondartzan

Harea-pikor bat gauza sinplea izan daiteke, baina milioika elkartzen eta mugitzen direnean, gauza harrigarriak sor ditzakete. Adibidez, adarkadura patroi zoragarriak hondartzetan, zuhaitzen adaburuak, sustraiak edota ibaien deltak irudikatuz edo marraztuz, diseinu fraktalak sortuz sarritan.

Emaitza ikusten dugu, itsasgorak ezabatu arte, baina artelan horiek sortzeko gertatu diren prozesuak ezagutzea zailagoa da. 

"Unraveling the Tapestry of Ocean Crust" artikulu akademikoan, Peter B. Kelemen Columbiako Unibertsitateko ikerlaria fluidoen eta arroken arteko erreakzio prozesu hauen nondik-norakoak azaltzen saiatu zen. 

Olatuek atzera egin edo marea erretiratu ahala, nahiko malda (baina ez gehiegi) dagoen hareazko azaletan gertatzen den uraren jarioan zentratu zen Kelemen, jario horien mekanikak aztertuz. Prozesu orokorra ondorengo hau litzateke: olatuak edo marea erretiratzean, ur-jarioak kanal txiki batzuk sortuko ditu; kanal txiki horiek aurrean duten harea erosionatuko dute eta kanal handiago batean elkartuko dira; baina malda gutxitzen denean, jarioa moteldu egingo da, urak zeramatzan hare-pikorrak bertan geldituko dira eta jarioa etengo duen hesi edo barrera bat sortuko da, eta, poliki-poliki, maldan behera eginez, kanal txikiak sortzen hasiko dira berriro.

Jarioen mekanika horrek marrazten ditu hondartzan, beraz, patroi eder horiek. Higaduraz ari gara, beraz. Baina ba al dago arau edo printzipio orokor bat jario mekanika horretan? Higadurak drainatze-sistema edo sare optimo bat sortzeko joera duela uste duen ikertzailerik bada, jarioaren abiadura maxikizatu eta marruskaduraren birtartez gertatzen den energia galera minimizatuko duena. Honek teoria bat ekarriko luke berekin, eta hori eztabaidagarria dela dio Kelemenek.

Harearen super-ahalmenak

Ia edozer bilakatu daiteke harea: mineralak, maskorrak eta koralak, jakina, bakoitza bere tono eta testurekin, baina baita beira, adreilua edota hormigoia ere. Harea-pikor gazteek ertz lakarrak izango dituzte, baina, denborarekin, uraren mugimenduek eta marruskadurak eraginda, leuntzen joango dira, fintzen. Orduan, artelan hauek sortzeaz gain, musika egiteko gai ere izango dira elkarren artean talka egin edo igurtzitzen direnean, edo zapaltzen ditugunean.

Hareak itxuraz eta egoeraz aldatzeko (super)ahalmena dauka. Solidoa izanik ere likido bat bezala portatzen da, eta 1.700º C ingurura urtu egiten da (harea motaren arabera, beira bilakatuz hoztean). Eta, auzolanean, urarekin batera, hondartza egokietan miniaturazko geografia sortzeko gaitasuna du: deltak, meandroak, kanal trentzatuak, bailarak, arroilak... Eskalari edo neurriari erreparatzen ez dion topografia iheskorra, ibai-sistematan bezala zizelkatua. Google Earth miniaturan, beti ezberdina, konplexua eta ederra.


Argazkia Zokoako hondartza handian hartuta dago.



Blog honetako argitalpen ezagunak

Txundidura sentipenetik haratago

Juntando letras (Cora)