Errepideen ekologiaz (urtebeteko argazki-kronika tristea, Azpeitia eta Tolosa artean)


Urtebeteko argazki-kronika triste bat da hau. Hamabi hilabeteko istorioa, Gipuzkoako trantsizio zonaldean hartutakoa, Azpeitia eta Tolosa artean, Urrakitik igota. 22 kilometroko tartean. Mugikor batekin.

Sarritan pasa arren, ez da urtebeteko zenbaketa sakona edo zehatza, ez baita egunero egindako bidaien kontakizuna. Ez nituen denak ikusiko, beraz, eta, batez ere, ibilgailuaren kolpea hartu ondoren basoan hilko zirenak ere izango ziren, seguru. Esate baterako, errepidea ozta-ozta eta herrenka zeharkatzen ikusi nuen okil beltz gazte zoragarri bat. Gainera, hemen ez daude ikusitako denak: eskinosoa, zozo arrunta eta azeria ez zeuden erakusteko moduan. Ezagutzeko moduan ere ez ia. Eta bazen beste urubi bat, eta baita bigarren katagorri bat ere, eta beste triku bat. Basasagu politt bat ere bai.

Argazkietan jasotakoak inguru honetan naturak eskaintzen digun altxorraren lagin esanguratsua bezain aberatsa eskaintzen digute: erbiak, orkatza, katajineta, lepazuria, azkonarra, urubia...


Goiko irudian, lepazuria, Albizturko beheko sarreraren inguruan harrapatuta. Lerroon gainean, collagean, orkatza, erbia, urubia, trikua, beste erbi bat, basahatea, azkonarra, basakatua izan daitekeena (edo, beharbada, katua), katagorria eta, erdi-erdian, katajineta bat.


Mendiko ibilbidea da hau. Berez, ez da azkar ibiltzeko moduko lekua (berez...). Eta, hala ere. 

Abiadurak zerikusi handia du harrapaketa hauetan, erreakzionatzeko denbora gutxitzen delako bapateko gurutzatzea suertatzen denean. Halakoetan, ezin bada erraz saihestu, ohiko neurriak kontuan izan behar dira, autoan doazenen eta parean suerta daitekeen beste ibilgailuren baten segurtasunerako: bolante kolperik ez eman, ahal bada aurretik frenatu baina ez kolpearen unean (batez ere animalia handiak badira -orkatzak edo basurdeak, inguru honetan-), ondo heldu bolanteari eta, esan bezala, ez eman bolante kolpe takarrik.

Baina, hemen, errepideen ekologiaz ari gara. Nola eta non eraiki beharko lirateke errepideak eta beste azpiegitura linealak? (trenbidea ere izan daiteke, jakina, edo, hegaztiei begira, linea elektrikoa). Eta, nola hobetu-egokitu daitezke eginda dauden azpiegiturak animaliak babesteko?

Ez tunelik, ez ekozubirik, ez tuneltxorik

Gaur egungo azpiegitura gehienak tranpa bat dira basabereentzat. Jar dezagun, adibidez, erbien kasua. Inguru honetakoak aspaldi galdu ziren, baina, azken urteotan, dozenaka erbi askatu dira Ernioko hegoaldeko mendi-magalean (orain dela hilabete pasatxo, azkeneko hogei), inguruan ugaldu daitezen. Eta poliki ari dira. Bertako mendialdea, basoak eta larreak egokiak dira erbientzat, eta ez da horrenbeste jende bizi goialde hauetan, baina, hala ere, Tolosaldera edota Urola bailaran barrena zabaltzeko, errepideak zeharkatu behar dituzte, hauetako bat Urrakikoa. Eta hemen ez dago ekoduktorik: ez tunelik (beraz, gainetik -menditik- arazorik gabe pasatzeko aukerarik ez), ez ekozubirik, ez errepide azpiko tuneltxorik.

Errepideen ekologiaz Irati Diez Virtok zientziakaiera.eus Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak euskaraz argitaratzen duen hedabide digitalean idatzitako artikulua gomendatu nahi dizuet. Emaiozue begirada bat, merezi du eta.

Ekozubia ez da irtenbide magiko bat. Ekoduktoak beharrezkoak dira (faunaren ongizaterako, habitat baten jarraitutasunerako, populazioen konexio egokirako...), baina, agerikoa denez, ingurua naturaren ikuspuntutik zaindu gabe eta bere ekologia-kalitatea hobetu gabe, naturari toki gehiago eman edo utzi gabe, berbasatze prozesuak bultzatu gabe, ekoduktoek ez dute lotzeko edo konektatzeko inor edukiko. 

Laguntza guzti hori gabe, ekodukto bat ez dela nahikoa, alegia. Irati Diez Virtok ere ideia honetan sakontzen du bere zientziakaiera.eus -en: "Hilkortasun datuen handitasuna aintzat hartuta, orain arte eraiki diren pasabideak ez dira nahikoa errepideen inpaktuari aurre egiteko". Animaliak iritsi egin behar du bertara, eta hori ahalbidetzeak, animaliei aukera hori emateak, denbora eta dirua eskatzen du, ikerketa lan handia egitea baita, eta asmatzea. Ekozubia "kanal" edo inbutu antzeko bat bihurtzeko teknikak badaude (pasatzeko puntu erabilienetan hesiak jarriz eta animalien mugimendua zubira bideratuz, interbentzio puntualak eginez naturan...), baina, ez da lan erraza, eta horien eraginkortasuna neurtzea ere ez. Behin azpiegitura eginda, eta inguruko basabereen berri zehatz-mehatz jakinda, pasabideetan kontaketa zorrotzak egin beharko lirateke eraginkortasuna neurtzeko, errepideetan gertatutako egiazko hilkortasun-tasak ondo kalkulatu (azpiegitura egin aurretik eta ondoren) jaitsi ote diren jakiteko... Eta hori guztia zaila da, konplikatua eta garestia. 

Groningeneko Unibertsitatearen ikerketa

Hala ere, ekozubiak, tuneltxoak, aukera bat dira. Eta hauen benetako inpaktua neurtzea nekeza baldin bada ere, leku batzuetan egin dute, eta inpaktua, xumea izan arren, positiboa izan dela ondorioztatu dute. Ecological impact and cost-effectiveness of wildlife crossings in a highly fragmented landscape: a multi-method approach ikerketa artikuluan, Groningen-eko Unibertsitateko Frans Sijtsma ikerlariak eta bere taldeak Herbehereetako ekozubien eraginkortasuna eta errentagarritasuna aztertzeko egindako saiakeraren berri eman zuten 2020an. Halako ikerketa bat Herbehereetan egiteak aparteko garrantzia du, espazio txikian errepide-sare ikaragarria dagoelako, eta animalien mesederako egindako interbentzioetan aitzindari direlako. Emaitzak, beraz, kontuan hartzeko modukoak dira, adierazgarriak. Laburbilduta, ikerketak animalia basatientzako eraikitako tunel handien eta trafikoarentzat eta animali basatientzat bientzat egindako zubibide partekatuen alde egiten du, eraginkorragoak direlako. Animalientzat bakarrik diren ekozubiak ez zituzten hain eragingarri (eta batez ere errentagarri) ikusi Sijtsmak eta bere taldeak. Baina, edozein kasutan, dauden lekuetan, ekozubien inpaktua positiboa dela ondorioztatzen du ikerketa honek (batez ere handiak badira), animalia basatien presentzia handitu egin dela ikusi dutelako. 

Ikerketak, esan bezala, eraginkortasuna (animalien mesedetan, alegia) eta errentagarritasuna (gizakiei kostatzen zaien diruan neurtuta) hartu ditu kontuan. Baina, zenbat balio du bioaniztasuna babesteak? Eta, batez ere, zenbat balio du ez babesteak? Zer dio horrek gutaz? Horrelako azpiegiturak "oparotasun garaian bakarrik sortutako kontuak al dira" (Javier Rui-Wamba)?

Herbehereeetan egindako lan honen ondorioak, dena dela, behin-behinekoak, eta findu beharreko elementu asko daude. Ikerketak berak nabarmentzen den bezala, horrelako azpiegitura edo pasabide bat egitea oso konplexua da. Faktore asko daude kontuan hartu behar direnak: ingurua bera, naturak duen espazioa, inguruaren ekologia-kalitatea hobetzeko ahaleginik egin den ala ez, gizakien presioa, animalien aldeko interbentzioak egiteko dagoen denbora eta aurrekontua... 

Edozein kasutan, honetaz hitz egiteak eta gauzak egiten hasteak garrantzi handia du, aurrera egiteko eta hobetzeko ezinbesteko abiapuntu eta palanka delako. Kultura baten adierazle ere bada eta, gaur-gaurkoz, Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeak, batzuk bederen, aurretik doaz, dezenteko aldearekin.

Ikuspuntu "positibo" bakarra

Honek guztiak badu beste ikuspuntu bat, ikusgaitasun faktore bat. Ibilgailuek harrapatuta argazkiotan ikus ditzakezuen auzokide asko ez dira normalean ikusten eta, zenbaitetan, parean tokatzen zaizkigunean bakarrik ohartzen gara hor daudela, gure inguruan. Tristea da horrela enteratu behar izatea, baina, agian, baten bat sentsibilizatzeko ere balio dezake. Gaitzerdi horrela bada, batez ere (errepideen ekologiaz ari garela) bolantean jartzen garenean.

Trikua, basahatea, baita orkatza ere, nahiko erraz ikus ditzakegu gaur egun (trikua geroz eta gutxiago, tamalez), baina besteak, normalean, ezusteak dira, sorpresak, bristadak, opariak. Zaintzea merezi duen altxorra. 


Erreferentzia bibliografikoak:

- Irati Diez Virto,  "Errepideen ekologia: istripuek basa bizitzan eragindako hilkortasuna aztergai", zientziakaiera.eus , argitalpen-data: 2022/03/02. Atala: dibulgazioa, kolaborazioak

- Frans J. Sijtsma, Eelke van der Veen, Arjen van Hinsberg, Rogier Pouwels, Renée Bekker, René E. van Dijk, Mark Grutters, Raymind Klaassen, Margriet Krijn, Maarten Mouissie & Eddy Wymenga. Ecological impact and cost-effectiveness of wildlife crossings in a highly fragmented landscape: a multi-method approach Open access. Published: 09 June 2020. Landscape ecology.

- Victor Yepes, "Las ecoestructuras: pasos de fauna y estructuras de permeabilidad territorial en tiempos de opulencia". https://victoryepes.blogs.upv.es/tag/ecoducto/ , Universitat Politècnica de València, 2020

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Txundidura sentipenetik haratago

Juntando letras (Cora)

Ur-jarioen mekanikak eta artelan naturalak hondartzan